Fikzio politikoen krisi-Kabinetea: GREEN MILITARY NEW DEAL

ostirala, 13 azaroa 18:00 h.

Bilborock
C/ Muelle de la Merced 1, Bilbao

3€, izen-ematearekin

Fikzio politikoen krisi-kabinetea, eztabaida-talde bat da, gure garaian garrantzizkoak diren eztabaidak aztertu, eztabaidatu eta zabaltzeko helburua duena. Espekulazio politikoko ariketa baten antzera garatzen da, hainbat adituren eskutik, izan litezkeen etorkizunak gaurko egunera dakartzana fikziozko egoeren bitartez, epemuga baten barruan erantzun bat eman diezaiegun.

“Holozenoaren garaian bizi diren gizakiak Antropozenoko Lurtarrekin gerran daude”
Bruno Latour, cara a cara con el planeta.

 

“Pandemia pertsonen eta planetaren arteko harreman intimo eta delikatuaren oroigarri da”.
Osasunaren Mundu Erakundea (OME), COVID-19 susperraldi osasungarriaren aldeko adierazpena.

 

Ondo dakizunez, 2020ko martxoaren 11n Osasunaren Mundu Erakundeak mundu mailako pandemia deklaratu zuen Covid-19a dela eta. Milioika pertsonak beren etxebizitzetan konfinatuta egon behar izan zuten. Zirudienez, etxeko espazioak ziren pandemia kontrolatzeko “txerto” eraginkor bakarrak. Herritarrek ez zekiten, ordea, konfinamendua eskala handiko esperimentu kolektibo baten lehen fasea zela: planetaren esku-hartze ekologikoa nazioarteko koalizio baten eskutik, kale, plaza eta parlamentuetako zalantza eta hutsunea aprobetxatuz eskala handiko operazio ekologiko-militar bat abian jarri duena: Green Military New Deal.

Hilabete batzuk geroago, maiatzaren 26an, OMEk COVID-19ren susperraldi osasungarriaren aldeko Manifestua argitaratu zuen. Bertan, konfinamendu-neurriak eta munduko zenbait eremuren susperraldi ekologikoa erlazionatzen ziren, honako hau azpimarratuz: “Kutsadura-mailak hainbeste murriztu dira, ezen pertsonek aire garbia arnastu ahal izan baitute, zeru urdina eta ur garbia ikusi ahal izan dituzte, edo beren seme-alabekin modu seguruan oinez edo bizikletan ibili ahal izan dira, lehen aldiz”.

Planeta osoan konfinamendu masiboko lehen esperimentuak izan duen arrakasta ikusi ondoren, GMNDk nazioarteko operazio hori martxan jarriko du murgilduta gauden degradazio ekologikoak gizateriarentzat izango lituzkeen ondorio atzeraezinak geldiarazteko, beharrezkoa balitz, nazio-estatuen burujabetza gaindituz. Operazioaren bigarren fasea bigarren konfinamendu honekin hasi da.

Segurtasunaren, klimaren eta demokraziaren ikuspegitik dakarren erronka dela-eta, Krisialdiko Kabinete bat antolatu da. Dei hau irakurtzen ari bazara, Kabinete horretan parte hartzeko deitu dizutelako da. Etxean konfinatuta egoteko jarraibideari aurre eginez, Krisialdiko Kabinetea 2020ko azaroaren 13an bilduko da, Bilbon, lurraren militarizazioak berekin dakartzan arriskuak balioetsi eta ebaluatzeko. Aurrerago emango dizugu elkartzeko tokiaren berri.

Zer egin behar dugu egoera korapilatsu honi aurre egiteko? Ba al du zentzurik tamaina honetako operazio batek, planetak aurrez aurre daukan ultimatum ekologikoaren testuinguruan? Zer erronka dakartza demokrazientzat? Beharrezkoa litzateke burujabetza ekologikoa bertan behera uztea, egoera bere onera itzuli arte? Gure etxeetatik parte har dezakegu, politikoki, misio ekologiko horretan, birusaren aurka aritu garen bezala? Topaketan galdera horiei eta beste hainbati erantzuten ahaleginduko gara.

 

ADITUAK

Eduardo Castillo Vinuesa arkitektoa eta ikertzaile transdiziplinarra da, eta planetako azpiegituren dimentsio sozial, teknologiko eta ekologikoen gaineko ikerketan dihardu. Arkitekturan lizentziatua Chicagoko Illinois Institute of Technology-n eta Madrilgo Goi-mailako Eskola Teknikoan, Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialeko “Arquitectura” aldizkariaren zuzendaria eta editorea da gaur egun, eta Moskuko Strelka Institute-ko Terraforming ekimeneko kidea; think tank espekulatibo horretan, Antropozenoak planeta osoko hirigintzarekiko dauzkan inplikazio ekosistemikoak ikertzen dituzte.

Cristina Monge doktorea da Zaragozako Unibertsitatean, non soziologiako eskolak ematen dituen, eta Soziologiako eta Zientzia Politikoko tutorea UNEDen; gainera, Globernance gobernantza globaleko institutuko eta BC3 bikaintasuneko ikerketa-zentroko ikertzaile elkartua ere bada. INAPen eta beste hainbat prestakuntza-zentrotan kolaboratzen du. ECODESeko aholkularia da, baita Renovables Fundazioko aholku-kontseiluko eta Erromako Klubeko Espainiako kapituluko kidea ere. Analista politikoa hainbat komunikabidetan, eta Ethic-eko argitalpen-kontseiluko kidea. Trantsizio Energetikoko atala koordinatzen du Agenda Publikoan. Lurralde-politikako ministerioaren mendeko Espainiako Gobernuko Gobernu Kontseilu irekiko kidea da, baita kanpo-gaietarako ministerioaren mendeko garapenerako lankidetzaren Kontseilu nazionaleko kidea ere.

Carlos Ruiz De La Sierra Martín-Gil karrerako militarra da, orain 40 urtetik. Harreman Publikoen eta Komunikazio Sozialaren zale amorratua izanik, azken urte hauetan Espainian izan diren nazioarteko ekitaldi nagusien antolaketan parte hartu du, esaterako, Madrilgo Bake Konferentzian, Bartzelonako Joko Olinpikoetan, Estatuburuetako goi-bileretan eta nazioarteko beste hainbat erakunde-bileratan. Komunikazioaren ikuspegitik, buru-belarri jardun du Defentsa Ministerioko prentsa-kabinetean, gure mugen barruko eta kanpoko komunikabideekin etenik gabeko harremanetan.
Esperientzia horri esker, etapa berri bati helduko dio egungo munduko nazioarteko harremanak eta multilateralismoa aztertzeko lanetan, Kanpo Gaietarako Ministerioan emandako garai emankor baten ondoren.